HARRERA HISTORIKOA KONSTITUZIO PLAZAN, 2024/09/08, 14:00
Eguerdiko ordu biak joak Arrauneko txaranga Konstituzio plazan sartu zen Kaian hasi eta Puerto kaletik barrena kalejiran etorritako gure talde Txapeldunarekin batera irabazi berri zen Bandera harrotasunez astinduz. Garai bateko usadioa berriro bizitu zen Alde Zaharreko kaleetan zehar. Sekulakoa!
Udaletxeko lehioak Alkate Jaunak ireki zituen banan bana aipatu eta goraipatutako taldekideak Udaletxe zaharreko balkoiak betetzen zituzten bitartean. Beteta zegoen plazak eztanda egin zuen Kontxako Bandera astindu zenean. Izugarria bertaratutakoen erantzuna. Donostiak lortutako garaipenak horrelako harrera merezi zuen. Kontxako garaipena ondo ospatu eta gero, sorpresak hartu zituen bertaratutako zaletu guztiak kolpetikan 2024 denboraldian jokatu eta irabazi genituen 18 Ikurrin eta Banderak hain sinbolikoa dugun eraikuntzako fatxadan astindu zituztenean gure arraunlariek. Arraunlariak ere ustekabean harrapatu zituen sorpresa eder honek eta giro alaitsuan jarri zitzaion diamantezko brotxea inoiz inork lortu ez duen denboraldi bikain eta ahaztezinari.