Aurreikusita zegoen beteranoen taldeek 11etan, gizonezkoek 12etan eta emakumezkoek ordu batean ekingo zietela 2024ko Euskadiko Txapelketei. Itsasoak eta haizeak ez zuten arraunlarien lana erraztu nahi izan. Goizeko 10etan egin zen kaleen lehen zozketa Donostiako Aquariumean, Txapelketa 4 kaletara jokatzeko asmoz. Kaiku 1, Donostia Arraun Lagunak 2, Tolosaldea 3 eta Ondarroa 4 izan zen zozketak Ohorezko Tandarako erabakitako kale banaketa. Beteranoen txapelketa hasi aurretik, talde guztietako ordezkariak kaleen bigarren zozketara deitu zituzten. Erlojuaren kontra 2 kaletara, 3. eta 4. kaleetatik, 2 minutuko tartearekin. 4. kalea eta 13:22 gure irteera ordua. Ordu bat aldera, eta hirugarren aldiz, estropada sistema aldatu behar izan zen, haize boladek laguntzeko asmorik ez zutela ikusita. Banakako erlojupekoa, 3. kaletik, 2 minutuko tartearekin eta 8 parte-hartzaileak jarraian. Zozketak erabaki zuen Orio lehena aterako zela eta Arraun azkena.
Estatxa askatzearekin batera hasi zen traineruen dantza itsaso zakarrean. Balizetan gure arraunlariek denborarik onena egin zuten, 8:28, Oriok egindakoa 18 segundotan hobetuz, gure 6. istriborrekoaren arrauna hautsi eta ordezko arraunarekin aldaketa egin ondoren. Txantxarik ez. Andrea Astudillo patroiari trainerua gobernatzen laguntzeko, hankekoak eta kontrahankeko baborrekoak askotan arraunarekin errestatu behar izan zuten. Horietako batean Xubane hankeko baborrekoaren arrauna hautsi zen eta, ordezko arraunik gabe, ia itzulerako luze osoan arraunik gabe jarraitu behar izan zuen taldekideen mugimendua.
Kezka eta haserrea helmugan gure arraunlarien artean, hain estropada korapilatsuaren emaitzaren zain. Poza, oihuak eta indarra, Oriok baino 28 segundo hobeto eta hirugarren sailkatu zen Kaiarribak baino minutu bat askoz hobeto egin zutela jakitean. Kontxako uretan Donostia Arraun Lagunak EUSKADIKO TXAPELDUN!